ERRIGORA. UZTA EUSKARARI PUZKA

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bideaemanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Gure txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dugu Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako.

Udaberrian Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan, planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta. Eskaera-epea martxoa aldera izan ohi bada ere, banaketa bi txandatan egiten dugu: apirilean olioa eta maiatza-ekainean kontserbak.

Udazkenean Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka. Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten ditugu kanpaina honetan. Kasu honetan, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten diogu (saski bakoitzaren balioaren %25). 2013an kanpaina lehenengoz egin zenetik eskaintzan hainbat aldaketa egin dugu. Egun 3 saski ematen dira aukeran.