INGURUKO HEGAZTIAK

 

INGURUKO HEGAZTIAK

Urdaibai Bird Centerrek gure inguruan bizi diren hegaztien inguruko ezagutza bultzatzen du. Neguan hegaztiak elikatzeko balio duten egitura sinple batzuk ezarriz helburu bikoitza lortzen dugu: hegaztiei lagunduz, gure inguru hurbilean elikatzeko aukera eskainiz (negua errazago igaroz) eta beraietaz ikasiz, behaketaren bitartez hobeto ezagutuz eta identifikatzera helduaz.

Hegazti hauek elikagai nahikoa dute uda eta udaberrian zehar, horregatik urtaro horietan ez da beharrezkoa aparteko elikagairik ematea, izan ere, hegaztiek nahiago dute baia eta intsektuez elikatzea, ez baitute euren habitatean aurkitzeko arazorik. Baina udazken eta negu hasieran bereziki, tenperaturak izugarri jaisten dira elikagaien eskuragarritasuna asko murrizten da.

Baldintza horietan hegazti txiki hauek edozein motatako karbohidrato edo gantz iturriren bila abiatzen dira tenperatura baxuei aurre egiteko asmotan. Zehazki esateko momentu horretan betetzen dute hegaztien janlekuek euren funtzioa, mota ezberdinetako hegaztiak egitura hauetara erakarriz. Janlekuak jartzeko sasoirik egokienak abendu eta martxoaren hasieraren artean dira, Inguruko Hegaztien proiektuan parte hartzen den denboraldia hain zuzen.(Urdaibai Birdcentre Inguru Hegaztiak Bloga)

Eguzkibegi ikastolan  hiru urte daramagu proiektu honetan parte hartzen, baina egia esan, jende gutxik parte hartu du. Aurten, aldiz, asmoa dugu ikastolako ikasle nahiz langile guztiei proiektu hau ezagutarazteko. Hori dela eta, ahalik eta ikasle gehienek parte hartuko du bertako hegaztiak behatzen datozen hilabeteetan. Jantokiek,  batak haziak ditu eta besteak, aldiz, kakahueteak,  eskolako ortuan dagoen haritz bateko adarrean eskegita daude baina txori batzuk oso antzekoak direnez, ikastaro txiki bat beharrezkoa da jakiteko zeintzuk diren haien arteko diferentziak. Halaber, beste jantoki bat ipini dugu urtxintxentzat hurbildik ikusi ahal izateko.

Azkenik, aipatu behar da ikastolan inguruan azken urteotan hainbat kabi kokatu ditugula, batzuk Foru Aldundiak emandakoak, besteak, aldiz, ikasleek egindakoak. Aurten, beste batzuk egingo dituzte DBH 1.mailako ikasleek Teknologia klasean.