IBAIZABAL. MATRIKULAZIOA.

Derrigorrezko hezkuntza-aldiaz harago doa Durangaldean Ikastolaren eredupean egin litekeena. Eguzkibegi Ikastolan 4. DBHra arte egiten duten ikasleek Ibaizabal Ikastolan dute gero jarraipena Batxilergoarekin, Durangon. Garraio-zerbitzua dute horretarako Galdakaotik Durangoraino.

6 Ikastolen lankidetzaren emaitza da Durangaldeko Ibaizabal Ikastola. 6 horietako bakoitzak –Eguzkibegik berak bezalaxe– DBHra arteko irakaskuntza ematen du, eta Ibaizabal Ikastolarengan delegatzen dute hortik aurrerakoaren ardura, tarteko koordinazioari esker ikasleen trantsizio egokia bermatuta. Nork bere aldetik baino, talde-lanean hobeak eta indartsuagoak garela erakusten duen adibide argia da Ibaizabal. Hala, Eguzkibegi Ikastolaz gain, Elorrioko Txintxirri Ikastolak, Durangoko Kurutziagak, Ondarroako Zubi Zaharrek, Lekeitioko Azkuek eta Zornotzako Andramarik elkartu zituzten aspaldi indarrak Ikastolen ereduari Batxilergoaren adarra eransteko Durangaldean, Ibaizabal sortuta. Ikastola batetik besterako aipatu trantsizioa naturala izango dela ziurtatzeko, ikasturtero, ekainean, jatorri-ikastolaka antolatu eta baloratzen dira ikasleen emaitzak, indar-guneak eta hobetu beharrekoak hala multzokatuta identifikatzeko.

Ibilian ibilian gorputza hartuta, Batxilergoa bakarrik ez, eskaintza osatuagoa du gaur egun eskualdearentzat Ibaizabal Ikastolak. 

Batetik, Lanbide-heziketan, Goi-mailako Zikloa dauka Haur Hezkuntzan; ongi posizionatuta sektorean. Batxilergoa eta gero dute aukera ikasleek ziklo horretan sartzeko, baita erdi-mailako lanbide-heziketatik datozenek ere, edo hartarako sarbide-proba gainditzen dutenek. Lan-mundua edo Unibertsitatea dituzte aukeran gurean 2 urteko ziklo hori ikasi ondoren. Eskolak goizez dira eta Ikaskidetza metodologia da jarraitzen duguna: taldean eta modu kooperatiboan ikasten dute gure ikasleek, oinarrizko konpetentziak barneratzen dituzten heinean, eta espezifikoa duten lan-munduari erabat loturik. Praktikak eta prestaketa duala ere ahalbidetzen zaizkie ikasleei.

Eta, bestetik, lanerako formazioa edo titulu profesionalak eskaintzen ditugu irakaskuntza ez arautuan. Alegia, langileentzako eta langabetuentzako askotariko ikastaroak, kualifikazioa areagotzeko edota lan-merkaturatzea errazteko kasuan kasu: sorosle izateko ikastaroak, mendekotasuna duten pertsonei gizarte-egoitzetan arreta soziosanitarioa ematekoak eta enplegurako lanbide-heziketako irakasle izatekoak dira erreferentzialak gurean, orotariko bestelako trebakuntza-ikastaro laburragoez gain, beharren arabera entitate askorentzat berariaz prestatuak asko.

Batxilergoari dagokionez, giza- eta gizarte-zientziak eta osasun- nahiz teknologia-arloko zientziak dituzte aukeran gurera datozen ikasleek.

Ibaizabal Ikastolak baditu besteengandik bereizten duten ezaugarri nagusi batzuk, guretzat oso garrantzitsuak direnak eta izaeraren parte ditugunak. Gure mailetako eta adineko ikasleekin maiz beste ikastegi batzuetan arautze- eta zurruntze-joerak eman litezke, eta, erabakiak autonomiaz hartzeko gai izan beharra daukatela iritzita, urruntze bat eman liteke ikaslearen eta irakaslearen artean, baina, horren aldean, modalitatea aldatzeko malgutasuna edota laguntza-dinamika estua ahalbidetzen dizkiegu gure ikasleei Ibaizabalen, esaterako. Hala, gertuko ikastola izatea, ikaslea erdigunean jarrita lan egitea, eleaniztasuna, Ikastola berritzailea izatea eta ikasketa-prozesuaren inguruan hezurmamitzen ditugun aparteko ekimen ugariak aipatuko nituzke gure dinamika desberdintzen duten elementuen artean. Horien guztien emaitza agerikoa da: Ibaizabaletik irtendakoak pertsona konprometituak eta emaitza akademiko onekoak izan daitezen da gure helburua. 

Gertuko Ikastola garela diogunean, familia-giroko Ikastola txikia izateak ahalbidetzen digun harreman estuaz, komunikazio zuzenaz eta informazio gardenaz ari gara, bai ikasleei begira, bai familiekiko.

Baina gertutasun hori maila akademikora ere eramatea ezinbestekoa da, noski. Horregatik, errefortzuak eta orientazioa jasotzen dituzte gure aldetik ikasleek, etapa garrantzitsu honetan bakardadea ez, baizik bidaideak lagun dituztela senti dezaten. Ikasgaien aukeragarritasuna handitzen zaie, ebaluazio oro emaitzak hobetzeko aukera dute, errefortzuak antolatzen dira ikasleak ahulen dabiltzan ikasgaietarako (adibidez, aurreko ikasturtean 169 errefortzu-saio eman zitzaizkien ikasleei), Selektibitatea (USE) prestatzeko saioak egiten dira ikasle-talde txikitan, orientazioa ematen zaie erabakiak hartzeko etapan (adituekin, ikasle ohiekin, bisitak beste zentroetara, azokak, tailerrak, familientzako orientazio-hitzaldiak...) eta tutoreak ikasleengandik eta familiengandik gertu egon daitezen saiatzen gara. Azken honi dagokionez, tutore pertsonalaren figurarekin, eta gelako tutorearenarekin, aholkularitza ematen diegu taldean eta bakarkako saioak egiten ditugu ikasleekin. Eta bai ederki eskertzen dutela arreta indibidualizatu hori!

Esperimentazioa eta sormena ere gure printzipioetan daude. Erronka errealetan oinarritutako hezkuntza praktikoa ematea daukagu iparrean. Berrikuntza pedagogikoan proiektu diziplinarrak eta diziplinartekoak bereizten ditugu, eta konpetentzietan oinarritutako metodologia aplikatzen dugu testuinguru errealak kontuan hartuta. “Durangoko airearen kalitatea”; Ikastolarako altzarien diseinua eta fabrikazioa; txerrien bihotzen disekzioa; emakume zientzialarien eta asmatzaileen ikerketa eta erakusketa; zerbitzu bat garatzeko ideia-lehiaketa; Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek sustatutako programa finantzak, ekonomia, tributuak eta iruzur fiskala jorratzeko; eta kartel-lehiaketa IKT tresnak erabilita dira egitasmo horietako zenbait ikasturte honetan bertan. Halakoak pentsatu eta emankor gidatzeko, behar-beharrezkoa da langile-taldearen etengabeko formazioa, eta asko da helburu horretara urtero bideratzen duguna.

Bestalde, ikasle euskaldun eleaniztunak dira Ibaizabal Ikastolatik prestatuta ateratzen direnak. Oxford azterketak egiteko zentro homologatua gara, atzerrirako ingeles-bekak ditugu, ingelesez ematen ditugun ikasgaiak daude curriculumean, frantsesa aukeran dute ikasleek eta nazioarteko hizkuntza-proiektutan hartzen dute parte Lyongo ikasleekin batera, urtero elkartruke-programa egiten dugu Iruñeko Ikastolarekin Nafarroako euskararen egoeraren berri bertatik bertara ezagutzeko, e.a. Euskara naturaltasunez bizi eta erabilaraziko dien ingurunean murgilarazi nahi ditugu gure ikasleak, eta polita da ikustea bestelako inertziak dakartzaten ikasleak nola aldatzen diren euskararen mesedetan jardutera gure gela eta espazioetako euskalki desberdinen saltsan katramilatzen direnean.

Ikasleak diren bezalakoak direla, beren gaitasunak muturrera eramatea eta norbere erritmoan aurrera eginaraztea dira gure helburuak. Ikasle guztien premiei erantzuteko borondatearekin egiten dugu lan, eta horren adierazgarri da, esaterako, aurreko ikasturtean Batxilergoko lehenengo nahiz bigarren mailako ikasle gehien-gehienek gainditu zutela ikasturtea (% 96k bi maila horietako bakoitzean, hain zuzen ere). Puntako emaitza akademikoak eskuratzen dituzte Ibaizabal Ikastolako ikasleek. Iaz % 100ak gainditu zuen Selektibitatea, eta gure ikasleek proba horretan ateratako batez besteko nota Ikastolen guztirako batezbestekoaren gainetik eta EAEko ikastetxe guztien batezbestekoaren gainetik nabarmen geratu zen, bai ohiko deialdian, bai ezohikoan.

Emaitza bikain horietan zalantzagabea da eskola-ingurune apropos batek eragiten duen onura. Maila berean, eremu ez formala ezinbestekoa da ibilbide akademikoa osoa izan dadin. Ibaizabal Ikastolak inguru atsegina eskaintzen die ikasleei, irteerak programatzen ditu, hitzaldiak, Irakurrixu eskola-aldizkaria egiten dute ikasleek, jaialdiak egiten ditugu (Gaztainerre, Udaberri Jaia…), antzerki-tailerra dugu, Ateneoak ikasleen eztabaida- eta gogoeta-foroak dira eskola-orduez kanpo, auzolana sustatzen dugu, e.a. Gainera, Ikastoletan ohikoak ez diren zerbitzu osagarriak daude bateratuta Ibaizabal Ikastolaren egituran: kafetegia, ostatua, gimnasioa (muskulazio-gela, kirol-ikastaroak...), aparkaleku pribatua, jantokia, ekintzak eta garraio-zerbitzua Durangotik kanpokoentzat. 

Ikasleen eta familien esanari entzun besterik ez dago Ibaizabal Ikastolarekin pozik daudela ondorioztatzeko; hori da gure bermea. Azkeneko ikasturtean, asebetetze-galdetegiari emandako erantzunen arabera, ikasleek 7,88ko nota eta familiek 8,51koa eman diote Ibaizabal Ikastolari [10aren gaineko eskalan]. 

Azkenik, kalitatezko Ikastola gisara identifikatzen gaituzten aintzatespenak aipagarri dira: Jasangarritasun-diploma, Bai Euskarari Ziurtagiria eta Bikain, Kalitatean kudeaketa aurreratua, IKT heldutasun teknologikoa (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak)…

2020/2021 ikasturtean gure komunitatearen parte izan nahi baduzu, https://www.ibaizabalikastola.eus/eu/matrikulazioa_hasiera helbidean topatuko duzu informazio guztia. Apirilaren 29an egin genituen ate irekiak online, baina atseginez erantzungo diegu zure galdera eta zalantza guztiei. Gainerakoan, aurrematrikulaziorako bete beharreko galdetegia esteka horretan bertan dago (aurten prozesu osoa egingo da online, bizi dugun egoerak horretara derrigortuta). Maiatzaren 22a baino lehenago egin beharra dago.