IKASTOLAK HERRIARI JAIALDIA

IKASTOLAK HERRIARI jaialdia. Euskalduna Jauregia beteko dugu!

 

 

Datorren azaroaren 27an, IKASTOLAK HERRIARI jaialdia ospatuko dugu, Bilboko Euskalduna Jauregian. Beronen berri eman dizuegu aurreko mezu batzuetan, eta hedabideetan ere argitaratu da. Euskararen eta Euskal Kulturaren bost plaza handi dira ikastolen jaiak. Euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak. Aurten ezin izan ditugu ohikoak diren jai handiak ospatu. Baina gure konpromisoa berretsi nahian, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaien izenean, eta denen artean, itxiera orokor bat eman nahi diogu pandemiaren bigarren urte honi. Horretara, ikuskizun bikain bat antolatu dugu Bilboko Euskalduna Jauregian. IKASTOLAK HERRIARI. Beronen bitartez, urtero gure jaietan parte hartzen duten artistei eta  jaietara etortzen diren herritar guztiei ere gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu.

Hitzordua jarrita dago, eta orain bertaratzea falta zaigu. Euskalduna Jauregia betetzea da dugun erronka, irudi indartsu bat ematea jaialdiari, bai egunean bertan, eta baita ETBk emango duen egunean ere. Hainbat kanaletatik adierazi zaizue hori lehendik ere, eta ikastola batzuk hasi zarete sarrerak erosten. Horixe gogorarazteko idazten dizuegu eta zuen komunitatean hitzordu hau zabaltzea eskatzen dizuegu. Sarrerak Euskalduna Jauregiaren webgunetik eskuratu daitezke soilik; ikustera joan behar duenak egin dezake, edota ikastolak berak kudeatu dezake bere komunitatean eskaerak egiteko epea irekiz eta ondoren erosketa eginez. Zuek ikusi zein den modurik eraginkorrena zuen komunitatearentzat.