Haur Hezkuntza. Konfiantzaren pedagogia

       Familiekin lankidetza estuan, eta ongizatea eta segurtasuna sentiarazten dion giroan, umearen garapen osoa eta orekatua ahalbideratzea eta garapen horri laguntzen dioten ikaskuntzak eskuratzen laguntzea da Haur Hezkuntzaren helburua. Horrek, umearen ongizate psikikoari, fisikoari zein sozializazioari erreparatzea eskatzen du; izan ere, ongizate horrek ahalbideratuko baitio umeari bere nortasunaren eta bere gaitasun guztien garapena. Hori izango da bizitzan zehar garatzen jarraituko dituen oinarrizko konpetentziak lantzen hasteko bidea.

       Harremana da giza garapena eragiten duena: nortasun-egitura moldatu gabetik gero eta egitura integratu eta helduagorako bidean umeari aurrerapenak egiten laguntzen diona.

       Umeari bere buruaren irudi eta identitate propio onargarria eta baikorra eraikitzen eta moldatzen laguntzea baino ez da, zentzu honetan, hezkuntzaren egiteko nagusia.

       Horretarako, segurtasun afektiboa bermatzen duen erreferentzia-testuinguru bat behar dute umeek ikastolan, kontuan hartzen eta entzuten zaiela sentiarazten diena, ume bakoitzari bere beharrizan eta gogoak asetzen eta erregulatzen lagunduko diona, bere garapen-ahalmenak ahalik eta gehien sustatzeko aukera emango diona.

       Gure ikastolan umearen garapen osasuntsua bideratzeko, ume bakoitzaren beharrei arreta jarri eta bere eskaeren aurrean prest egoteaz gainera, funtsezkoa izango da, behaketarekin batera, umeak zer esaten digun eta nola entzutea; hori baita dituen ahalmenak ezagutzeko eta, ezagutza horretan oinarrituta, bere garapena lantzeko bidea, bere dimentsio eta alderdi guztietan. Entzutea eta errespetatzea erabat lotuta daude. Izan ere,umeari entzuteak bere erritmo eta denbora errespetatzea eskatzen du. Entzuten zaiola ohartzen denean,errekonozitua sentitzen da, norbaitentzat garrantzitsua dela jakiten du umeak, eta dituen ahalmenetan eta bere buruarengan konfiantza hartzen joaten da.